Photo
Photo : © Teddy bear

Donibane Lohizune: alde zaharra

Donibane Lohizune itsaso bazterrean dago, baina mendiak ez daude urrun. Kortsarioen portu izandakoak bere nortasuna atxikitzen jakin izan du. Balea ihizira Ternuara joaten ziren garai haiek urrun gelditu badira ere, sare eta amu arrantzaleak ikus ditzakegu oraindik portuan lanean. Itsasoa eta alde zaharra lotzen dituzten karrika txikietan garai hartako armadoreen etxe handiak ikus ditzakegu, euren fortunaren adierazle, eta Frantziako Luis XIV eta Espainiako Maria Teresa infantaren arteko ezkontzaren oroitzapena ere bizirik dago.
Donibane Lohizune ongizatearen jomuga nagusi bilakatu da, urte osoan zabalik dauden 2 talasoterapia zentroei esker. Hemen bizi lasaia eta atsegina dugu, jaki eta topaketa harrigarriekin.

Historiaren une garrantzitsuak

Animazioak

Luis XIV plaza

Luis XIV plaza gune historikoaren erdian dago. Etxe dotorez inguraturik, Lohobiaga Etxea (Luis XIV.aren etxea deritzotena orain) eta Herriko Etxea, hiriko leku alaienetakoa da
Herri erdiaren erdian dago. Bertara heltzen dira karrika nagusiak: Gambetta saltokien oinezko karrika, portua ondo-ondoan eta hondartza nagusira zuzenean daraman Errepublika karrika txikia.  
Plaza erdian dagoen kioskoan maiz musikariak egoten dira, lekuari besta giroa emateko. Inguruko taberna eta ostatuetako terrazek gogoa emango digute bertan kafe edo baso baten hartzeko. Zuhaitzen itzalpean ikus ditzakegu ere margolariak euren koadroak margotzen. 
Igandero, eta Bazko eta Omisaindu arteko besta egun guziez musika animazioa izaten da kioskoan goizeko 11:30tan. Udan, asteazken eta igandero zezen suzkoa egiten da 1926tik, eta confetti bataila ere bai. 
Familiarteko giro lasaia izan ohi da. 

Ikustekoak

Itsasbazterreko pasealekua

Zokoako Gaztelutik Santa Barbara muturrerainoko hondartza hurrenkera oinez egin daiteke. Badia oso goizik babesten hasiak ziren itsasoaren erasoetatik. Lehen harresia etxeen oinean dago eta bertatik igarotzen da ibilbide atsegina. Leku batzuetatik gainera, mendiak ere ikus daitezke
Itsasbazterrean hotel ederrak, bi talasoterapia zentro, XIX. mendeko etxeak eta eraikin berriago zenbait ikus daitezke. 
Jacques Thibaud pasealekua. Pavlovsky-ren gorri koloreko art-deco itsasargian hasi eta leiho gorri eta zaldain etxe burgesen arteko Pergolaraino doa. Oinean hondartza eder eta babestua. 
Pergola, Mallet-Stevens -ek egin zuen 1927an. Bertan daude hondartzarako puska, oroitzapen, jantzi saltokiak eta jatetxeak eta izozki saltzaileak. 
Pergola eta gero, Ur Urdinen ibilbideak Santa Barbararaino garamatza. 

Santa Barbara muinoa

Donibane Lohizuneko badiaren ipar muturrean muino baten berdetasuna nabarmentzen da. 
Arroka-muturra parke publiko bilakatu zutenetik, ibiltzeko, atseden hartzeko edo besterik gabe egoteko leku atsegina da: haurrentzako jokoak, ostatutxoa, jarlekuak, orientazio mahaia eta itsas argia (antzina baseliza izandakoa). 
Santa Barbara kaskotik euskal kostalde osoa ikus daiteke. Donibane Lohizuneko panorama ederrenetakoa eta eguzki sartze zoragarriak eskaintzen ditu. 
Bertatik, Santa Barbara auzogunera segi dezakezue oinez. 

Hondartza-Handia

Karriketan barna ibiltzea eta erosketak

Gambetta, Loquin eta Errepublika karrikak dira Donibane Lohizuneko oinezko igarobide nagusiak eta hiriari urte osoan zehar giro bizia ematen diotenak, saltokien animazioari esker. 
Victor Hugo eta Thiers hiribideetan elikagai eta jantzi saltokiak, zerbitzuak eta arte galeriak ditugu nagusi. 
Aspaldiko etxeak aurkituko dituzue Donibane Lohizunen, zuen plazerarentzako: Adam gozotegia, Laffargue larrukiak, Lartigue oihalak, eta guztiak itsasotik 2 minutura. 
Saltoki tradizionalak, bertako ekoizpenak, artisauak nola denda modernoak, guztiak urte osoan daude zabalik, baita igande eta jai egunetan ere. 
Urte osoko astearte eta ostiraletan, eta udako larunbatetan, inguruetako ekoizleak Merkatuaren inguruan biltzen dira beren mozkinen saltzeko. 

Newsletter footer