Photo
Photo : © Yoni

Getaria: Lapurdi kostaldeko ale bitxia

Bidarte eta Donibane Lohizune artean dagoen Lapurdiko Getaria leku oso atsegina da. 
Bertan aurkituko dituzue natura, tradizioa eta "ongi bizitzea"; itsasbazterrean plantaturiko arrantzale portu txikia izandakoan. 

Ikustekoak

Agenda

Animazioak

Lapurdi kostaldeko herri txikienaren historia

Getaria da Lapurdi itsasbazterreko herririk txikiena. Bertaratzen den oro liluraturik gelditzen da etxe lapurtar eta art-déco estiloko eraikinekin. Gainera, Itsasoko Terrazak eta elizak xarma berezia ematen diote arrantzale herriari.   

Herriko Etxea :

Photo
Photo : © Yoni

Ohikoa den bezala, herriko plazan aurkituko ditugu Herriko Etxea eta frontoia. Eliza ordea, urrunago dago, herriaren gainaldean, erdigunetik aparte.  
Izan ere, herria laborantza eremuan garatu zen lehenik, eta gerora gaur egungo erdigunera hedatu zen.

1926an eraiki zen estilo neo-lapurtarreko herriko etxeak horma zuriak eta zureria gorriak ditu. Ferdinand Brana arkitektoak eraiki zuen. Bere obra zen ere Getaria hotela. Herriko etxean topatuko duzue urte osoan zehar zabalik dagoen Turismo Bulegoa.  

Kostaldeko frontoi handienetako bat

Lehen frontoia gaur egungo trenbidearen ibilbidean zegoen. Orduan, 1868an, lekuz aldatu zuten. 1910eko data ikus daiteke horma gainean, urte hartan goratu baitzuten xisteran jokatu ahal izateko.  
Xistera partidak udako asteazken arrats guziz izaten dira, baina frontoian egiten dira ere igande goizetako merkatua, larunbat goizetako hatu merkatuak udaberri eta udazken artean, eta nola ez, herriko elkarteek antolatzen dituzten herriko bestak ere.

Arrantza: balea eta txipiroiak 

Balea ihizia IX. mendean hasi zen euskal herrian. Horri esker aberastu zen gure herria, bereziki balea koipea olio bilakaturik merkataritza jarduera azkarra garatu baitzen. 
Gero hurbileko arrantza garatu zen, bereziki txipiroi arrantzaren inguruan. Gaur egun, Getariako portuan aisialdi arrantza besterik ez da egiten. Aholkua: goizean goizik jaikitzen bazarete, baliteke arrantzatik sartzen diren txalupak portura sartzen ikustea.

INFORMAZIO GEHIAGO  

Itsasora eta uhainetara so dagoen herria

Hemen, itsasoa denetan dugu.

Herritik goazela, txoko guztietan sentituko dugu herria itsasora begira bizi dela. Izan balkoi batean balea eta balea ehiztarien trainerua irudikatzen dituen armarria, nola karriken izenak, herri gainaldetik dagoen ikuspegiak, edo ekaitz egunetako uhainen harramantzak, denek une oro oroitarazten digute Getarian itsasoa dela nagusi
Karrikak ezinbestean itsasora, portura eta hondartzara lerratzen dira. Taberna eta jatetxe gehienek itsasorako ikuspegia dutenez, herria leku ezin hobea da Kantauri itsasoaren ikuskizunaz gozatzeko bazkaria eginez edo trago bat edanez
Itsasbazterreko bidexkak herria zeharkatzen du batetik bestera, itsasotik ahal bezain hurbil pasatuz. 
Itsasoa menderatzen duen Terraza handia leku bikaina da uhainak eta surflariak behatzeko.

Surfa: Getarian kultura bilakatu dute

1967an sortu zen "Ur Kirola" elkarteari esker, surfaren kultura ongi errotua da Getarian. Surf taldea izateaz gain, gaualdiak eta orotariko animazioak antolatzen ditu itsasoari lotuta. Surf eskolak ere badaude, surfean ikasi edo trebatzeko urte osoan zehar. 
Ez zaitezte harritu karriketan gaindi surflariak neoprenoz jantzirik ikusten badituzue, taula besopean daramatela. Halaber, oso ohikoa da portutik hurbil furgonetak ikustea taulekin teilatuan.
Surfaren kulturarekin zer ikusirik duten dendak ere aurkituko dituzue: Hoalen, Southwest Guéthary edo Parlementia.

Avalanche eta Parlementia spotak biziki fana handia dute, eta bertako nola nazioarteko surflariak etortzen dira. Laird Hamilton bezalako surflari ospetsuak ibili dira hemengo uhainetan. 
Avalanche surflari profesionalentzako uhain handiak ematen ditu, baina Parlementia berriz hasi berrientzako ere egokia izaten da

Avalanche spot-a uhain handiak dauden egun batez! 

Herri naturala

Itsasbazter zaindua, hondartza eta bidexkaz osatua

Getaria, bizi giro atsegina eta natura babestua eskaintzen dituen herria. Zenitzeko muinoa da horren adibide behinena. Natur erreserba hau Itsasbazterreko Kontserbatorioarena da. Bertatik igarotzen dira Itsasbazterreko Bidexka eta Vélodyssée izeneko bizikleta ibilbidea. Bertatik sekulako ikuspegia dugu itsasora.   
Berezitasuna: Getaria eta Donibane Lohizuneren arteko muga markatzen du eta bi hondartzetako tabernak menderatzen ditu. 
Beste herrietan ez bezala, Getarian ez duzue hondartza zaindaririk ikusiko. Hemengo hondartzak harribilezkoak dira, eta bertara etortzen dira familiak eta lasaitasuna nahi dutenak.  

« Ongi bizitzea » eta « ongi jatea » 

Arrain goxoak jateko leku aproposa

Photo
Photo : © Yoni

Jatetxeei dagokienez, Getarian hondartza ostatuak, jatetxe izardunak eta jatetxe tradizionalak aurki daitezke. Nola ez, Getarian arrainak dira nagusi, jatetxe bakoitzak bere erara prestaturik: errea, saltsan, plantxan, pil-pilean… 
Baina denek dute gauza bat amankomunean : kalitatea Kalitate hori erabiltzen dituzten produktuetan eta sukaldaritza jakitatean antzematen dira.

Saltokiak eta bertako produktuen merkatua 
Etxera sukaldatzeko gaiak eta bertako mozkinak eraman nahi badituzue, Getariako merkatura jo behar duzue, igande goizetan apiriletik irailera. 
Urte osoan zehar, Yaoya dendak Getariako Alatz barazki ekoizlearen produktu biologikoak saltzen ditu. 
Frontoiko Etxeak bertako kalitatezko produktuak eskaintzen ditu: gasnak, xerrikiak, txokolatea, arnoa, sagarnoa, patxarana eta abar. 

Kultura eta tradizio herria

Pilota herriaren erdigunean

Photo
Photo : © Yoni

Herriko plazan kokaturik, pilota lekuak pilotan hartzeko eta partida baten ikusteko gogoa pizten digu. 

Udako asteazken arratsero, Olharroa pilota elkarteak xistera partidak antolatzen ditu, dohainik. Harritzekoa da pilotak hartzen duen abiadura. 
Frontoian antolatzen dituzte ere, agorrileko azken asteburuan herriko bestak. Egitaraua: bazkariak, kontzertuak, dantza... belaunaldi guztiak biltzen dira kari horretara. 

« Herriko Ahotsak »

Photo
Photo : © Getaria dantza taldea

Getariarrek kultura bihotzen daramatenez, urtero urrian « Herriko Ahotsak » jaialdia antolatzen dute. Izenak dioen bezalaxe, kantuak entzuteko aukera izaten da, baita dantzak ikusteko ere, Getaria Dantza Taldearen eskutik
Getariarrak bertan elkartzen dira, kantuz eta dantzan hartzeko, talo eta sagarnoz lagundurik. 

Saraleginea: herri erdiko kulturaren etxea

Photo
Photo : © Musée de Guéthary

Getarian etxe eder anitz ditugu: euskal edo neo-euskal estilokoak dira, baina denak lapurtar arkitekturakoak.  
Etxe guztietan ederrenetarikoa Saraleginea da, Getaria Museoa aterpetzen duenaDe Swicienski zizelkariari eskainitako museo garaikidean Paul-Jean Toulet poetaren bildumak, eta erromatar garaiko hondarkinak ikus daitezke; Getariako historiaren ondarea dira. 
Baina museoak ateak zabaltzen dizkie gaurko artistei, maiatzetik urrira arte erakusketak antolatuz.

Newsletter footer