Photo
Photo : © Pascale Tellechea

Erlaitza

Lapurdiko erlaitza naturagune bakuna da.

Hamar bat kilometro luze egiten ditu. Ziburu eta Hendaia artean hedatuz, eremu handiena Urruñan du. Flysh ezponda garaietatik ikuspegi zoragarria daukagu, eta itsasbazterreko bidexkatik ibiliz ezin hobeki gozatuko dugu. Zorion pixka batekin Belharra uhain erraldoia ikusteko aukera izanen dugu, eta harekin lehian ari diren surflari profesionalak.

Ikuspegi zoragarriak eta fauna nola landaretza bertakoak eta aberatsak ere aterpetzen ditu erlaitzak. 

Naturagune berezia

Flysch labar edo ezponda handiak

Nondik edo noiztik datozkigu erlaitza osatzen duten ezponda handi horiek? Orain 100 milioi urte sortu ziren iberiar eta europar blokeek elkar jo zutenean. Orduan urpeko luizi erraldoiak eragin eta flysch sedimentuak urpean pausatu ziren. Flyscha hareharri eta tupa alternantziaz osaturiko geruza sedimentarioa da. Alternantzia horri esker agertzen zaizkigu hain argiki geruza desberdinak: hareharri plaka lodiago eta sendoen artean tuparri geruza hauskorragoak tartekatzen dira. 
Kontinenteak sortu zirenean, iberiar blokeak eta europarrak talka egin zuten. Orduan itsaso azpian zeuden sedimentuak azaleratu ziren eta Erlaitza eta Pirinioak osatu zituzten. 
Gorenean labarrek 45 metro hartzen dute eta Kantauri itsasorako ikuspegi zabala eskaintzen dute. 

Landaretza endemiko aberatsa

Itsasbazterreko bidexkaren bazterretan landaretza sendoa dugu. 800 espezie baino gehiago zenbatu dira. Landaretza horrek higaduratik babesten du erlaitza. Hainbat landare espezie ezagun aurki ditzakegu, hala nola brana (edo txilarra), otea, tamariza, ereinotza edota endalarra. 

Beste batzuk ordea, ez dira bertakoak, exotikoak dira. Lorategi pribatuetatik ihes egin eta kolonizatzen hasi dira, hala nola panpako belarra. 

Eremu biziduna

Photo
Photo : © Yoni

Lapurdiko Erlaitza naturagune babestua da, baina biziduna ere bada. Bertan laborantza eta abeltzaintza (ardi eta behi) egiten da aspaldian. Zaldiak ere ikus daitezke, eta golf practice bat eta motordun parapenteentzako airatze gunea.  

Arrantzaleak ere etortzen dira erlaitzera alga gorria biltzera. Horretarako, ezponda gainetik itsasoraino jaisten den kablea erabiltzen dute, ur bazterrean gelditu diren algak igotzeko. Bilketa irail eta azaro artean egiten da. Alga gorriak izen zientifikoa du: Geldium-Sesquipedale, baina "agar-agar" bezala ere ezagutzen da. Hazkurri industrian eta kosmetikan erabiltzen da bertute hidratatzaile eta anti-oxidanteengatik. « Itsas lastoa» oinez edo itsasontziz biltzen dute itsasbeheran. Zehaztu behar dugu hemen, itsaso zolatik ezin direla moztu. Soilik itsasoak bazterrean uzten dituenak bil daitezke. 

Erlaitzean ikustekoa

Itsasbazterreko bidexka

Photo
Photo : © CG64

Itsasbazterreko bidexka Erlaitzaren bazterretik doa. Zokoatik Hendaiara hamar bat kilometro egiten ditu. Ibilbide osoan zehar Kantauri itsasorako ikuspegi zabala eskaintzen du eta uhainak labarren oinetan hausten ikusi eta entzun daitezke. 
Bidexkak ibilbide erraza du, baina oinetako egokiak beharrezkoak dira.  
Gehienetan Zokoatik Hendaiarako noranzkoan egitea gomendatzen da, ikuspegi ederragoak daudelako. Zokoan, Untxi auzoko Carrefour Market-en gibeleko aparkalekuan autoa utz dezakezue urririk. Behin aparkatu eta, malda azkarra hartu (ibilbideko maldarik azkarrena da) Juantcho kanpineraino. Hortik bidexkak Hendaiaraino segitzen du itsasbazterretik. 
Abiapuntura itzultzeko, Hendaiatik Donibane Lohizunerako autobusa har dezakezue. 

Belharra uhaina

Egiategia mahastia

XX. mende hasiera arte mahastiak bagenituen Lapurdiko kostaldean, bereziki Angeluko Xiberta oihanean eta Erlaitzean. Pixkanaka desagertuz joan dira, eta 2009an, Emmanuel Poirmeur arnogintzari lotu zitzaion berriz Erlaitzaren xoko batean. Bere ustez, lur horrek behar diren elementuak ditu, itsasoko haize goxo eta tenperatura egokiekin. Italiako itsasbazterreko mahastiak gogoratzen dizkio. 

2 hektarea Chardonnay landatu zituen arno xuria egiteko. Lurraren eta mahastien errespetuaren defendatzaile sutsua denez, eskuhartze mugatuaren aldekoa da. Natura zaintzen duten metodoak baliatzen ditu: zurezko hesolak, belar oparoak, mozketarik ez, ardien ongarri naturala, babes fitosanitario naturalak itsasoko haize eta langarrei esker…​ 

Dena eskuz eginik eta ingurunearekin koherentzian, arno xuri bikaina ekoizten du: Erlaitza
Mahasti horretaz eta datxikon itsaso peko ardandegiaz gehiago jakin nahi baduzue, zoazte Zokoako Egiategia sotoa ikustera. 

INFORMAZIO GEHIAGO 

Newsletter footer