Zokoa auzoa Ziburu - Donibane Lohizune badiaren kantoi batean kokaturik dago eta Ziburu eta Urruña eta herrien artean partekatzen da. Gaztelu gotorraren irudiz, bertako biztanleek nortasun azkarra dute eta Zokotarrak izatearen harrotasuna ageri dute.
Zokoa portua eta gaztelua
Zokoako portua
Erdi Arotik Zokoa beti izan da arrantzale portua. Garai hartan balea ihizirako ontzi asko zeuden.
XIV. mende bukaeran Baionako Aturri ibaia hondarrez bete zen eta ibaiak beste bide bat hartu zuen. Orduan Baionako portuak gainbehera ezagutu zuen eta Donibanekoak ordea jarduera areagotu zuen, txiki gelditzeraino. 1530ean Zokoako portua, Urruña herriaren lurretan zena, berrogei bat itsasontzi hartzeko aurreikusi zen, eta obrak 1617an hasi ziren Urruña, Ziburu eta Donibane Lohizune herrien hiruko kudeaketarekin.
Hiru itsas harresi eraiki zituzten: mareografoarena, hegoaldekoa eta harresi txikia.
Gaur egun Zokoako portuak arrantzarako edo aisialdirako itsasontzi txikiak hartzen ditu, hala nola batteleku koloredunak, zeinek Teink Trofeoan parte hartzen duten.
Zokoako gaztelua
1627 Luis XIII.ak gotorleku bat eraikitzea agindu zuen Zokoako portuan aterpetuak ziren itsasontzien babesteko. Zokoako Gazteluaren harresien barnean badira, dorre biribila, San Petriri eskainitako kapera eta etxebizitzak.
Luis XIV erregearen Vauban arkitekto militarrak eman zion gaurko gotorleku militarraren itxura, dorre hozkadunarekin. Gaur egun gaztelua hetsirik dago. Soilik behereko partera eta Gazteluarena deritzon hondartzara sar daiteke.
Itsas harresi handia eta babes blokeak
Itsas harresien eraikuntza
Mendeetan zehar Donibane Lohizunek eta Ziburuk itsasoaren etengabeko erasoak pairatu zituzten, eta horien ondorioz 200 urtetan 200 metro kosta galdu zituzten. Lur mutur naturalek baizik ez zituzten babesten, baina itsasoak suntsitu zituen.
Mendeetan zehar hainbat saiakera egin ziren herriak modu iraunkorrean babesteko, eta azkenik XIX. mende bukaeran Napoleon III.aren agintaldian asmatu zuten 3 itsas harresi eraikitzea: Zokoa, Artha eta Santa Barbara.
1898an obra erraldoia bukatu zenetik hain zuzen, itsas harresiok bi herriak babesten dituzte, eta lan horretan laguntzeko hormigoizko bloke handiak urperatu dituzte harresiaren oinetan. Itsasoaren egoerak baimentzen duenean, Zokoako itsas harresian ibil gaitezke. Bertatik Ziburu eta Donibane Lohizunerako ikuspegi ederra dugu, eta gibeleko planoan Pirinioak dira ageri.
Blokeen murgiltzea
1898an itsas harresien eraikuntza bukatu zenetik, urtero blokeen urperatze kanpaina bat egiten dute. Udan, haizearen eta mareen arabera, hogeita hamar bat hormigoizko bloke urperatzen dituzte itsas harresien oinean. Bloke bakoitzak 50 tona pisatzen ditu eta harresien defentsaren lehen lerroa osatzen dute. XIX. mendetik teknika bera erabiltzen dute, itsasontzi berezi batekin: bloke-garraiatzailea. Itsasontzi berezi hori Zokoako portuan dago lotuta.
Blokeak Zokoan egiten dituzte eta hor bertan biltegiratzen urperatzeko baldintza egokien zain. Untxin ibaiaren bazterretan ikus ditzakegu.
Pentsa zenbatekoa den uhainen indarra, 2017ko otsailaren 28ko ekaitzean uhain batek bloke bat altxatu eta Artha itsas harresiaren gainean pausatu baitzuen!
Blokeen murgiltzea
Zokoa bizi-bizia
Zokoa bizi-bizia den auzoa da.
Gaztelurako ibilbidean kolorezko eguzki-oihalen hurrenkerak jatetxe desberdinen presentzia adierazten dute, ahoen zorionerako. Bertako gastronomiak leku garrantzitsua du Zokoan eta usaian ekainean ospatzen den Trinitate bestan, auzoko besta, azken bazkaria karpa handi baten gerizan egiten dute.
Beraz, hemen paseoak, gastronomia, festa eta hondartza aurkituko ditugu, baina horiez gain itsasoko hainbat kirol jarduera ere: Stand-up paddle, bela, urpekaritza, ur-motoa... Portuan bertan edo inguruetan dauden profesionalek jakingo diote zure eskaerari erantzuten.
Baina, Zokoan bada ere beste jarduera ekonomikorik. Hor aurkituko dugu ontziola bat, itsas harresien babesteko blokeak egiten dituen Departamendu Kontseiluko tailerra eta beste. Honela, elkar aditze espiritu batekin, jarduera guztiek elkarbizitzen dute Zokoan.
Zokoako frontoia
Itsas aldean frontoi bat dago. Ekain eta agorril artean pala torneoa egiten da bertan, inguruetako jokalari onenekin.
Bitxikeria iduri luke, baina diotenez, Zokoako frontoia, bera eraikitzeko materialen garraitzeko errailak erabili zituzten egitura gisa. Frontoiaren margoa joaten hasten denean orduan ageri dira.
Itsasoko kirol jarduerak
Untxin ibaiaren hegian
Badago Zokoan Untxin ibaiaren itzuli osoa egiten duen ibilbide bat. Ibilbide ongi prestatua ezker eta eskuin aldeetatik igarotzen da. Puntara heltzean zurezko zaldain batetik pasatuko gara beste aldera.
Hondartzako zubia zeharkatu aitzin, ibilbidea ezkerrean hasten da. Plaza bateraino iritsiko gara non saltokiak eta terraza eguzkitsuko jatetxeak aurkituko ditugun. Plaza honetan ere, hileko lehen igandean hatu merkatua egiten dute, zaleen plazer handienerako. Ibilbidetik segitu eta Untxin auzoko Urruña aldera pasatzeko zaldainera iritsiko gara. Bizikleta atsegin dutenek bide gorri polita dute Zokoatik Urruña herri erdiraino joateko, edo bestela Donibane Lohizunera.
Ibilbideak erreka segitzen du eta han edo hemen piknik eremuak eta haurrentzako jolas guneak ikusiko ditugu. Udako astelehenero, merkatua egiten da Untxin bazterreko aparkaleku handian. Hara hurbiltzerakoan produktu freskoen usainek erakarriko gaituzte.