Photo
Photo : © Yoni

Ziburu

Badiaren txoko batean, Urdazuri ibaiaren ezker aldean kokaturik eta itsasora itzulia, Ziburu Donibane Lohizuneren parean dago. Izena zubi burutik datorkio eta auzo handiagoarekiko lotura horrek ez dizkio bere jatortasuna eta itsasorako grina leundu. 

 

Ziburun barna gabiltzala, historiaren lekukotasuna zaigu ageri, itsasoarekin duen harreman hestua, eta biztanleek tradizioari dioten atxikimendua. 
Ikustekoak 

Ziburun ikustekoak

Animazioak

Itsasoa

Ziburuko historia betidanik izan da itsasoari lotua. Ravel kaiako etxeak arrantzaren garapenaren eta bilakaeraren lekuko izan dira. Gaur egun jada arrantza ez da jarduera nagusia, baina portuak baditu oraindik berrogei bat itsasontzi. Arrantza portuaren ondoan kirol portua eraiki zuten 1970ean, Larraldenia izenekoa.                                                                                                                                       

Arrantzale portua 

Photo
Photo : © Yoni

1930 eta 1945artean portuak garapen erregularra izan zuen. 1914ean jadanik hasiak ziren kontserbategiak Ziburu eta Donibane Lohizunen. 1954ean 19 kontserbategi zeuden. XX. mende erditsu horretan langileak eskas ziren kontserbategietan lan egiteko, eta orduan iritsi ziren Ziburura bereziki Bretoi gizon eta emazte andana. Gehienak bertakoekin ezkondu eta Euskal Herrian gelditu ziren. 

Azken lantegia 1992an itxi zen.

Photo
Photo : © Yoni

Gaur egun, arrantza teknika desberdinak erabiltzen dituzten berrogei bat itsasontzi daude portuan. Bolintxero, arraste-ontzi eta hegaluzerako kanabera-ontzien artean, 1953ko Airosa ikus dezakegu. Gaur oraindik lanean segitzen du, baina euskal itsas ondarearen elementua da eta monumentu historiko sailkatua izan zen. Arrantza hurbilagotik ezagutu nahi baduzue, Ordagna itsasontziak bisitariak eramaten ditu eskifaiarekin batera.                                                                                                                                

Enkantea Ziburun dago 1997tik, eta itsasontziek arrainak bertan lurrera ditzakete edozein egunetan eta eguneko 24 orduz. Enkantea profesionalei bakarrik irekia zaie. Goizeko seietan hasten dira salmenta egiten. Baina, edonor joan daiteke portura arraina zuzenean itsasontzian erostera, eguneko arrantzaren araberako hautuarekin. 
Azken urteetan jarduera berri bat garatu dute arrantzaleek: udako arrantza kanpainak bukatu eta, irailean 18 itsasontzi egokitzen dira alga gorria biltzeko, gelidium deritzona, agar-agar-a ekoizteko baliatzen dena. 
Gaur egun 600 lanpostu ematen ditu arrantza arloak.

Ziburuko hondartzak

Traineru eta batteleku estropadak

Iraganeko itsasontziak gaurkotu eta orain kirol lehiaketetarako balio dute, estropadetarako hain zuzen.

 

Trainerua gaurko materialez egiten da orain, kirolerako. 13 arraunlari eta patroi bana dute traineruek. Lehen gizonen kontua bazen, gaur egun emakumeek ere lan izugarria egiten dute. Estropadak: ekainetik irailera izaten dira, bereziki Bizkaia eta Gipuzkoan. Hamar milaka lagun hurbiltzen da lehia ikustera, hala nola Donostiako Kontxako Banderara. Lapurtarrek goi mailako taldea osatu du estropada horietan parte hartzeko. 

 

Battelekua 5-6 metro arteko txalupa da, eta bertan 2 arraunlari eta patroi bat daude. 1992an hasi ziren berriz battelekuak erabiltzen. 4 lagun Hego Euskal Herriko portuetatik abiatu eta Donibane Lohizuneraino etortzen ziren, Teink deituriko batteleku batean. 1993tik, Ur Ikara elkarteak Teink Trofeoa antolatzen du: Castro Urdialesetik Donibane Lohizuneraino 

Ibilaldiak kostaldetik

Photo
Photo : © Yoni

Ziburuk Donibane Lohizune du Urdazuri eta badiaren beste aldean. Larraldenia kirol portutik oinez joan daiteke Zokoako Gaztelura. Izan oinez, nola bizikletaz, "vélodyssée" ibilbidea Ravel kaiatik pasatzen da. Hor ikus ditzakezue lapurtar arkitekturako etxe dotoreak. Arrantzaleen zaindari den Muskoako ama birjinaren ordokitik badia osoa eta itsas harresiak ikus daitezke. 
Zokoako hondartzara heltzean, Untxin ibaia gurutzatu eta Gaztelu aldera segituko dugu, edo bestela, ezkerrera itzuliz, Untxina segituz, izen bereko auzoa ezagutzera joan gaitezke. 

Itsasbazterreko euskal herrixka

Alde zaharreko karrikak

Ziburuz dugun postal irudiak arrantza eta kirol portuak erakusten ditu eta gibelean etxe lapurtarrak. Alabaina, herriaren altxorrak ezagutzeko, karriketan barna sartu beharko dugu

Aspaldiko etxeetako zurbesoen zaintzapean, obelisko batez apainduriko iturria dakusagu. Erraz irudika daiteke zer nolako solasaldiak izango zituzten iturri inguruan herriko kaskarotek! Jakinminak karrika lauzatu batetik eramango gaitu, eta hantxe etxe lapurtar ederra ageriko zaigu, bereziki apiril eta ekain artean marrats lorez atondua dagoenean ! 

Eta hala segituz gero karrikaz karrika, ezinbestean helduko gara San Bixintxo elizara. Ezkila dorre berezia du eta gibelean badu beste etxeak bezalakoa ez den "Ravel" izeneko etxea. Herbeheretakoa dirudien armadore etxea XVII. mendean eraiki zuten. Bertan sortu zen Maurice Ravel musika konpositorea.

Pilota plaza 

Hemen ere, pilota plaza herriko bizi leku garrantzitsua da. Eta ohiko hirigintzak Herriko etxea eta Eliza hurbil ezarri dizkio. 

Ziburuk itsasoarekin duen harreman hurbilekoa frontoian ere ageri da. Armarriak haritz hostoa, zaldia eta bi itsasontzi erakusten ditu. Urtean zehar hainbat ekitaldi eta pilota partida jokatzen dira hemen. Gainera, egunerokoan haurrentzako jolastoki bilakatzen da. 

Abuztuaren 15ean Laxo finala jokatzen duten Ziburuko frontoian: pilota diziplinetako zaharrenetako bat. Kirol ekintzez aparte, udaberri hasieran Sorgin Gaua ospatzen dugu, baita Ihauteriak betiko erraldoiekin. 

Gastronomia eta giro atseginaIgandetako merkatua frontoirako karrikaren luzera osoan hedatzen da, eta batzuetan bertako ekoizle eta sortzaileak ere izaten dira, begien eta ahoen goxagarri. Horiek guztiekin, ezin ahantzi ziburutarren hitzordurik maiteena: pintxo potea

Zokoa auzoa

Newsletter footer